
Gure gizartea teknologia berrietara egokitzeko fase oldarkor eta presazko batean murgilduta dago.Digitalizazioa, pertsona gehienentzat arazo ez bada ere, bereziki gatazkatsua izan daiteke adineko pertsonagehienentzat. Guztion ongizateaz arduratzen diren erakunde publikoek eurek ere ikusi dute trantsizio etamekanismo egokiak behar ditugula biztanleria zahartua, talde ahulenetako bat, baztertua izan ez dadin, eta beren oinarrizko eskubideak berma daitezen.
Ildo honetan, Donostiako Bidebieta auzoan, bizilagunen (eta bereziki adinekoen) eskubideen urraketa baten lekuko zuzenak izaten ari gara. Kutxabank entitateak, duela hamarkada batzuetatik auzoan egon denak, zegoen banketxe bakarra ixtea erabaki du, eta, beraz, milaka bezero zerbitzu pertsonalik gabe utzi ditu, asko eta asko adinekoak. Gure ustez, itxiera honek banku-konturako sarbidea izateko eskubide unibertsala urratzen du; izan ere, jarraian azalduko dugun bezala, erakundeak ez ditu beharrezko tresnak eskaini herritar ahulenek edota mugikortasun murriztua dutenek beren dirua kontsultatu eta kudeatu ahal izan dezaten.
Kutxabankek Bidebietan izan duen jokaera hainbat zentzutan da salagarria, izan ere, auzo honetan batezbesteko adina Donostiakoa baino puntu bat altuagoa da. Bestalde, zerbitzu amaieraren berri emateko, sukurtsaleko ateetako batean paper bat itsatsi zuten, behin betiko itxiera baino bi hilabete lehenago. Erreakzionatzeko denborarik gabe, adinekoak babesik gabe geratu ziren eta beren kasa moldatu behar izan dute. Asko Gros auzora joaten ari dira garraio publikoan, horrek dakarren esfortzu, kostu eta arrisku gainkargarekin, egungo egoera pandemikoa kontuan izanik. Beste batzuek Trintxerpeko bulegora oinez (km 1 inguru) joan behar izan dute (Donostiako udalerrian ez ezik, Pasaian dagoena). Gure ustez, ahalegin hori ez genuke beren bizkar utzi behar; alderantziz, gutxieneko erraztasun batzuk bermatu beharko genizkieke oinarrizko eskubide hau gauzatu ahal izateko.
Era berean, gogorarazi nahi dugu Kutxabank erakundea Caja Laboral-Euskadiko Kutxak Bidebietan zuen bulegoaren itxieraz aprobetxatu zela duela urte batzuk; bezero berriak erakarri zituen, auzoan geratzeko promesarekin. Handik urte gutxira, konpromiso hura lurrundu egin dela dirudi. Bezero partikularrez gain, krisi ekonomikoak eta pandemiak jada aski kolpatuak zituen auzoko saltokietan ere eragina izan du Kutxabanken itxierak, sukurtsala enpresa-gestioak egiteko erabiltzen baitzuten.
Jakin badakigu Kutxabank erakunde pribatua dela, baina eskaintzen duten zerbitzua publikoa denez eta eskubide unibertsalez ari garenez, interes komuna babestea agintari publikoen eskumenekoa dela uste dugu. Bidebietan 1.200 sinadura baino gehiago bildu dira sukurtsala berriro irekitzearen alde, eta Donostiako Udalaren osoko bilkuran aho batez auzotarren nahiaren alde egin zuten. Hala ere, Udalak ez du irtenbiderik eman, eta, dirudienez, ez du banketxea oinarrizko zerbitzu hau ematera derrigortzeko ahalmenik.
Hori dela eta, behean sinatzen dugunok Alkatearen premiazko bitartekaritza eskatzen dugu, Bidebietako biztanle askok banku-zerbitzuetara jotzeko duten eskubidea aitortua izan dadin eta praktikan gauzatu dadin. Bitartekaritza bat eskatzen dugu Kutxabankek Bidebietan (egungo sukurtsalean, Moneda baserriaren eremuan edo beste edozein lekutan) arreta pertsonaleko gutxieneko zerbitzuak eman ditzan, egoki iritzitako asteko egunetan, ordutegi zehatz batekin, aukerarik gabe utzi dituzten milaka erabiltzaileei arreta emateko. Gutxieneko zerbitzu hori denboran behar beste bermatzea eskatzen dugu, eta banku-kudeaketa digitalari buruzko prestakuntza-ikastaro luzeekin (ez puntualekin) osatzea, banku-erakundeak gidatuta, antolatuta eta ordainduta.
Egoeraren larritasunak bultzatu gaitu zuei defentsa-eskaera hau egitera. Gatazka honi konponbidea bilatzen lagunduko diguzuelakoan, mila esker.
BLP – BIDEBIETAKO AUZOKO SARE TALDEA (DONOSTIA)